XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

INTENTZIO -AITORPENA
Hiri bat datuz deskribatzen da: koordinatu geografiko batzutan lekutzen da, garatu, luzatzen da haren historia... eta, segituan, adjetibo ederretan biltzen da haren gorputza.

Baina honela hiria objektu huts bihurtzen da: hor dagoen zerbait, geldirik eta lo, museo bat bezala.

Tankera erromantikozko joera zaharrak gizartea gorputz biziduna bailitzan ulertzen saiatu ziren: zuztar bat bezala sortzen zen, urratutako beste kultura batetik bereizirik, batzutan...; haurtzaro zezel arriskutsuzko une batzu zituen...; gero gaztaro idealista eta herronkari bat irabazten zuen...; heltzaroko betetasunean hedatzen zen... eta itzuriezinezko zahartzaroko desosaketagatik mantsoki itzaliz zihoan: beste kultura batentzat oroitzapen eta lokatz elikagarri bihurtzen zen berriro.

Alegoria luze honen bidez kultur fenomeno batzu ongi esplikatzen ziren; baina errealitate historikoaren funtsezko zenbait alderdi bazterturik geratzen ziren.

Giza-askatasuna eta gizonak bere aukera pertsonal edo kolektiboetatik sortzen duen obraren aurpegia bezain bizia den zerbait gogoaren elaborazio batean sintetizatu nahi izatearen arriskua da.

Presazkoa zitzaigun lerro hauek, ia ezegokiak, aurreratzea, gaizki ulertuak izan ez gaitezen.

Vitoria-Gasteiz gure herriaz idaztera goaz, eta nahi dugu gure hitzek liburu desberdina eta, zentzu horretan, berria osa dezatela.

Herri honen egitateen historia jadanik kontaturik dago, zuzentasun handiz, beste esfortzu miresgarri batzutan.

Mugagabeko maitasunez eta jakitate zehatzez datu errealak eta hauen esanahi historikoaren bila aritu direnen ildoan berriro ikertzea ez zaigu emana.

Guk beste era batean nahi dugu Vitoria-Gasteizera hurbildu: gure abiapuntua gizonari estuki lotuta, giza-existentziaren zirkunstanzia intentzional eta eragile bihurtuta dagoen elementu bizidun gisa hartutako hiria da.

Ez dugu, noski, izaera organizistako soziologi teoria handietan murgildu nahi....

Ez gara saiatzen mezu hitzantu eta urruneratu bat igortzen....

Gizakiarekin bizi den eta honek, bere bizi-konkrezioen zabalera guztian bere gogo sortzailearen proiekzioen bezala, maite duen hirian zehar ibili nahi dugu.

Gizakiarengandik hartzen du hiriak bere ariman, eta bolumen habitatuzko haren gorputzean gizakia bera biziberritzen da, bere odolaren taupadarekin eta maitasunezko edo gorrotozko pertsonarteko erlazioarekin.

Honela, hiria giza-kristalaren igurtziaz dardaratzen da, eta adimendu estetikozko eta arrisku bizizko komunio bat somatzen da hiriaren eta bertan bizi den gizonaren artean.

Honegatik itzuli gara hirira, beronen bazterrak ezustean harrapatuz, teilatuen eskortzoari, horma baten barnekoitasunari edo dokumentu baten garrantziari ohartuz.

Ezer ez zitzaigun axola, ezpada harri horren hitza, itzal baten hasperena, edo egun batez karrika hauek ibili zituzten eta bertan betiko oraturik gelditu ziren urratsen oihartzun erreala.

Baina hemen dugu oraindik hitz handien hegada.

Geure asmoa boz goraz ausnartu nahi dugu: Gizonak etengabe proiektatzen du bere barnetasuna.

Izaki autoposeditua eta besteak nire ego-an partehartzeko esentzialki irekia da.

Honegatik, hitzaren miraria asmatu zuen, zeinen bitartez bere hunkipena, bere ideiak, bere ikara, bere maitatu-beharra... adierazten dituen.

Honela elkarlotu eta elkar osatzen dute gizakien bizitzek, bere barnekotasun pertsonaleko janaria konpartituz.

Baina gizatasun erlazionatuzko mundu pupulkatu honek errealitate praktiko, hunkipen estetiko, babesgune eta esperantza bihurtu beharra du.

Eta horregatik lantzen dira egurrak, trazatzen dira kaleak, altxatzen dira etxeak, eta irekitzen da artearen birika zabala, eginkizunetik atezatua, unean uneko gustoaz moldatua, eta genero, estilo edo histori notiziaren aldetik definitua.

Une horiek guztiak bizitzaren dinamismo ilogikoaz atzeman nahi izan ditugu.

Batzutan babeslekuetan bildurti kuzkurtzen eta bestetan zetio-dorreak, ametsezko jauregiak eta edertasun eta loriazko monumentu herronkariak eraikitzen jostatzen den gizonaren lan sutsu edo mindua aditzen saiatu gara.

Honela jaio eta hiltzen dira hiriak, eta berriak jaiotzen dira, haiek egiten dituzten gizonen antzera....

Eta haietatik ere oroitzapen lainotsuak eta hondakin pilo urrituak geratzen dira....

Gizonekin batera igarotzen dira eta haien aztarnetatik bizitza zaharren eta heriotza isilen urrats misteriotsuek oihu egiten dute.

Hemen gatoz: hiri ahantzien aztarna deskubrituetan bero aurkitzen da horma egin zuen edo etxe aurrituen bazterretan nigar egin eta maitatu zuen gizonaren arrastoa, zeren horma historikoan bere gizonen historia bait dago eta gaurko adreiluan haien udaberriko bizi-taupada.

Argi honen pean Vitoria-Gasteiz ibiliko dugu, haren zimenduetatik hasita, haren arima fotografiatuz, borondate agintzale batek lehenengo harriaren lekua seinalatu zuenean.